Translate

2013/10/20

IRAKASLE MIRESGARRI BATEKIN IZANDAKO ESPERIENTZIA

Irakasle funtzioaren lanaren helburua ezagutu bezain laster, nire pentsamenduan irakasle baten irudia agertu zen eta argi izan nuen bera izango zela nire protagonista egokiena.  Batxilergoko edo DBHko etapak gertatu berri egon arren, nire oroimenetan Lehen Hezkuntzako irakasleak presenteagoak daude, izan ere, etapa horretako irakasleak askoz hurbilagoak ziren. Hori dela eta, Lehen Hezkuntzako azken zikloan izandako tutoreari elkarrizketa egitea erabaki nuen.

Berarekin igarotako bi urte horietan esperientzia ugari izateko aukera izan nuenez, irakasle on baten adibidea dela esango nuke. Aipatutakoaz gain, berarekin asko ikasi nuen eta bide ezberdinak erabili genituen hori egiteko. Horrela izanda ere, seriotasun giroa presente zegoen, hau da, ez genuen denbora galtzen, egiten genuen guztiarekin zerbait ikasten genuen. Irakasle horrek ahalegin ikaragarriak egiten zituen guri ahalik eta hezkuntza egokiena eskaintzeko eta, horretaz gain, maitasuna oso presente zegoen bere egunerokotasunean.

Elkarrizketa egitera joan nintzen egunean, Lehen Hezkuntzako etapak igaro nituen eskolari buruz pentsatzen hasi nintzen. Denbora luze pasa da bertara bueltatu gabe, 6 urte inguru, beraz, sentimendu ezberdinak nabaritu nituen nire barruan: kuriositatea, urduritasuna, ilusioa… Eskolara sartzean sentimendu horiek areagotu ziren, izan ere, bertan esperientzia eta lagun ugari ezagutu nituen eta oroimen asko gogoratzen hasi nintzen. Horretaz gain eta eskolaren egitura aldatu arren, hainbat xehetasunez gogoratu nintzen: jolas orduan egoten ginen txokoan, futbol zelaia, apurtuta zegoen saskibaloiko saskia oraindik apurtuta zegoen…

Denbora asko pasata ere eta hainbat aldaketa egonda ere, eskolak egitura berdina mantentzen zuen eta niretzat duela urte asko utzitako eskola berdina izaten jarraitzen zuen. Momentu horretan, Lehen Hezkuntzako etapa duela gutxi amaitu nuelaren sentsazioa nabaritu nuen, nire buruan dena oso presente zegoen, batez ere, bertan izandako irakasleak.

Elkarrizketa egiteko momentua hurbiltzen zen eta nik gero eta urduriago nengoen, izan ere, ez nekien nolakoa izango zen irakaslearekin topatzeko momentu hori. Garai hartan gure artean zegoen konfiantza ikaragarria zen, baina hori horrela izaten jarraitzen zuen zalantzak nituen. Eskolan hainbat irakasleekin topatu nintzen eta gure harremana garai hartan izandakoaren antzekoa zenez, lasaitasuna nabaritu nuen nire barruan. Nire tutorearekin topatu nintzen momentua oso berezia izan zen. Duela denbora asko elkarri ikusi gabe egon arren, gure harremana antzekoa mantentzen zen eta garai hartako konfiantza presente jarraitzen zuela nabaritu nuen. Momentu horretan askoz gehiago lasaitu nintzen eta eroso sentitzen hasi nintzen. Bestela esanda, egiten ari nintzenarekin gozatzen hasi nintzen.

Elkartu bezain laster, gure bizitzari buruz hitz egiten hasi ginen, izan ere, berari asko gustatzen zaio bere ikasleen bidea nolakoa izan den eta ze norabidea jarraitzen duen ezagutzea. Asko poztu zen irakasle bilakatzeko ametsa jarraitzen nuela ezagutzean eta horrekin jarraitzeko gomendioa luzatu zidan. Gainera, bere laguntza eskaini zidan behar izatekotan, izan ere, berak esaten duen moduan, irakasleen artean laguntasuna presente egon behar da hezkuntza aurrera jarraitu ahal izateko. Jadanik, elkarrizketaren helburua ezagutzen zuen, izan ere, aukera izan nuen berarekin telefonoz hitz egiteko eta nire zeregina azaltzeko.

Elkarrizketa oso esanguratsua izan zen niretzat, izan ere, hainbat arloen inguruan bere iritzia ezagutzeko aukera izan arren, bere esperientziak eta sentsazioak nirekin partekatu zituen. Bere esperientziari jarraituz, eskolak asko aldatzen ari direla baieztatzen du, baina aldaketa horiek askotan ez direla positiboak azpimarratzen du. Krisia dela eta, irakasle gutxiago daudela eta ikasle gehiago daudela nabarmentzen du. Horrela lan egitea askotan ez dela aberasgarriena esaten du, izan ere, haurrek horren kalte gehiena esperimentatzen dute: arreta pertsonalizatu gutxiago, erritmoak errespetatzeko aukera gutxiago… Horretaz gain,  ikasleak ikasten jarraitzeko gero eta motibazio gutxiago erakusten dutela esperimentatzeko aukera izan du eta horri buelta bat emateko ahalegin handiak egin behar ditugula baieztatzen du.  Hitz gutxitan esanda, krisi ekonomikoaren ondorioak nabaritzen direla eta bere aburuz eskola gizartearekin batera garatu beharrean,  pauso bat atzera egin duela.

Elkarrizketa ziztu bizian pasatu zitzaidan, izan ere, oso eroso sentitzeaz gain, oso interesgarria iruditu zitzaidan eta gozatzeko aukera nuen. Errealitatean ematen diren egoera asko ezagutzeko eta horietatik ikasteko aukera izan nuen. Askotan ahazten zaigu irakasleok egiten dugun lana berebizikoa dela pertsonak era egokian hezteko eta ahalik eta aukera gehien eskaintzeko gaur egungo gizartean. Elkarrizketa egin ostean, irakasleen lana eta funtzioak askoz gehiago baloratu behar ditugula konturatu naiz. Irakasle ez diren horiek gure lana baloratzeko, guk hasi behar gara gure lana baloratzen eta defendatzen, bestela ezinezkoa izango da beraien konfiantza gugan uztea eta hezkuntza hobetzea. Hezkuntza denon erantzukizuna da, ez bakarrik bertan lan egiten dugunon erantzukizuna.  

1 iruzkin:

  1. BESTE NONBAITETIK KOPIATUTAKOARI KENDU FORMATUA (testu prosesatzailean-edo idatziko zenuen-eta)
    ---
    Gustura gauza garrantzitsua egin izana transmititzen duzu. Hemengo irakasle hau ere poztekoa
    ---
    Oraintxe arte denei erantzun diet pertsonalki eurena irakurrita, baina orain askok batera idatzi duzuenez, kafea denentzat:
    Lanaren hurrengo zatiak hiru pausu ditu:
    1) Egin zerrenda bat ikasi dituzuen gauzekin;
    2) zerrenda horren sailkapena egin
    3) Sailik sail berriro irakurri, ea ideia gehiago badatozkizun.
    Hori datorren martitzenean erabiliko dugu.

    ErantzunEzabatu